LABek udaleko negoziazio mahaia utzi du, eta udalak, berriz, elkarrizketarako borondatea erakutsi du
Sindikatuak Ondarroako Udalaren negoziatzeko borondatzea eta lanpostuen amortizazioak kritikatu ditu; udalak, berriz, proposamenak aztertu direla eta erabakiak baliabide ekonomikoek baldintzatzen dituztela azpimarratu du.
Ostadar bandera, Ondarroako udaletxean. Argazkia: Udalbarriak LAB sindikatuak iragarri du Ondarroako Udalagaz osatutako negoziazio mahaitik atera dela, “benetako negoziazio prozesu bat” martxan jarri arte. Kontrara, udalak, harriduraz hartu du erabakia eta ukatu egin du negoziaziorako borondaterik ez dagoenik, azken urteotan hainbat akordio eta hobekuntza adostu direla azpimarratuz.
Sindikatuak jakinarazi duenez, Ondarroako Udalean azken aldian sortutako lan gatazken ondorioz erabaki du negoziazio mahaiari planto egitea. LABen arabera, mahaietan aurkeztutako planteamenduak ez dira kontuan hartu, eta udalaren jarrera “blokeatzailea” izan da. Halaber, salatu du lanpostuen amortizazio planak kalte egingo diela bai langileen lan baldintzei bai herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitateari.
LABen esanetan, azken negoziazio mahaietan udalak adierazi du EUDELek Udalhitz hitzarmena negoziatzen duen bitartean ez duela barne negoziazioetan aurrera egiteko asmorik, eta horrek edozein proposamen blokeatzen duela uste du sindikatuak. Horrez gain, bi lanposturen amortizazioa “guztiz onartezina” dela adierazi du: “Betidanik defendatu dugu enplegu publikoaren indartzea eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko beharrezkoak diren lanpostuen mantentzea. Horregatik, lanpostuak deuseztatzearen aurka gaude erabat”.
Ondarroako Udalak, ordea, bestelako irakurketa bat egin du. Udal ordezkarien arabera, harriduraz hartu dute LABen erabakia, negoziazio mahaietan ez delako aparteko tentsiorik izan eta sindikatuak ez duelako bertan halako jarrerarik adierazi. Gainera, udalaren esanetan, ez dute argi LABek aipatzen duen lan gatazka zehatz mehatz zein den.
Lanpostuen amortizazioei dagokienez, udalak azaldu du hasiera batean hiru plaza amortizatzea aurreikusten zela, baina sindikatuen eskaerak aztertu ondoren horietako bat mantentzeko bidea aurkitu dela. Ondorioz, azkenean bi plaza baino ez lirateke amortizatuko. Udalaren arabera, gainera, amortizatuko diren postuak hutsik daude: bata 2023tik eta bestea 2025eko irailetik. Bestalde, udalak ez du partekatzen amortizazioek langileen lan baldintzak okertuko dituztenik. “Era berean, gogorarazi nahi dugu brigadako langileen baldintzak hobetzeko neurriak hartu direla, besteak beste soldaten eta funtzioen parekatze bidean aurrerapausoak emanez. Urteetako eskaera izan da, eta LAB egon zen azken mahai negoziatzailean onartu zen. Horregatik udalaren harridura jarrera blokeatzailea diotenean”.
Negoziazioari dagokionez, udalak ukatu egin du elkarrizketarako prestutasunik ez duenik. Izan ere, azken negoziazio mahaia egiteko deialdia egina zegoela eta LABeko ordezkariak ez zirela bertaratu adierazi du. “Aste batzuk lehenago telelana inplementatzeko arautegi zirriborroa eskuartean zeukan, eta negoziazio mahai horretan lantzea zen asmoa”. Horrez gain, sindikatuak egindako eskera batzuk Udalhitz hitzarmenaren negoziazioaren emaitzen zain daudela azaldu du. “Hala ere, horrek ez du inola ere negoziaketa mahaia gelditu, negoziazio mahaietan onartutakoak adibide”.
Azkenik, udalak nabarmendu du azken urteotan hainbat hobekuntza adostu direla langileen lan baldintzetan. Besteak beste, 58 urtetik gorako udaltzainek txandarik ez egitea gauez edota asteburuetan lan egiten duten brigadako langileek bi atseden egunak nahi duten egunetan hartu ahal izatea, astelehen eta martitzena izan beharrean. Horregatik, negoziazio borondatea falta leporatzea ez dela bidezkoa defendatu du.