27. Zapato Azulak urdinez tindatu du Ondarroa
Goitik behera eta ezker-eskubi bete dira gaur [ekainak 27] Ondarroako kaleak. Radixu Irratiak Nekane Akarregi omendu du. Euskal Herriko kamiseta onenaren saria Torontilek irabazi du, eta Ondarroako kamiseta onenarena, Saturrarango Haitzak-ek. Erakusleiho onena, ostera, Lorak Estherrena izan da.
Azken egunetako bero sargoririk barik esnatu da gaur [ekainak 27] Euskal Herria, eta gustura hartu dute hori Ondarroara joan direnek. Kamiseta urdinak armairutik atera, eta Alde Zaharra goitik-behera eta ezker-eskubi bete dituzte bertaratu direnek. Herritarrak, inguruko herrietakoak nahiz Euskal Herriko hamaika txokotatik bertaratutakoak elkartu ditu gaur Radixu Irratiak antolatzen duen 27. Zapato Azulak Ondarroan. Hala, aurtengo kartelean keinu egin dioten Felix Beristainen koadro baten antzera, urdinez tindatu dira herriko txoko guztiak.
11:00etarako prest zeuden Radixu Irratiako kideak zuzeneko emisioagaz batera jaiari ekiteko, eta egunaren nondik norakoak azaldu ostean, Koldo Azpiazuk hartu du mikroa. Hain zuzen ere, iaz hartu zuen Azpiazuk Nekane Akarregiren erreleboa, eta aurtengoan ere berea izan da jaiari hasiera emateko ardura. Hala, urtero bezala, Alai Tabernako balkoiak bereganatu ditu begirada guztiak, eta bertan zeudenek adi jarraitu dituzte Azpiazuk esandakoak. Nola ez, Manuel Eluren bolanderek ere ez dute hutsik egin, eta 12:00etan egin du eztanda jaiak, bolandera eta bolandera artean.
Bolandera ugari bota ostean jaiak ez du etenik izan, eta urteroko osagaiekin osatu dute goiza. Txistulariak, Kresalako bandaren eta Artelango erraldoien kalejira nahiz falta direnak gogoan hartzeko tartea hartu dute herritarrek, eta Txalainak taldearen kontzertuak biribildu du goizeko jarduna. Abanikoak dantzan eta gorputzak ere bai, Hertzainak taldearen abesti ezagunenak abesteko tartea hartu dute Kalekutz inguruan batu direnek.
Zapato Azule berezia bada, Dinamartxaren ailegaera are bereziagoa da herritar askorentzat. Dina Bilbao BarruetabeƱaren omenez Tolosa eta Ondarroa elkartzen dituzte martxalariek oinez nahiz bizikletan, eta irrintzi, txalo, oihu eta musika artean egiten diete harrera ondarrutarrek. Oinez egin duten 77 martxalarientzat bart 01:00etan hasi ziren Zapato Azuleko ekintzak, eta gaur 09:00etan, ostera, bizikletaz etorri diren 223 partaideentzat. Iazko parte hartze kopurua gaindituta (iaz 259 partaide eduki zituen), poztasunez nahiz emozioz betetako malko eta irribarreen artean sartu dira herrira 300 martxalariak.

Martxalariak, Alde Zaharrera heltzen.
Dinamartxako kide denak heldu ostean, aurtengo pregoia irakurri dute Radixuko kideek balkoitik. Besteren artean, Palestina, Saharan, Iran Libano eta Kubagaz gogoratu dira, eta zelan ez, baita Venezuelako herriagaz ere. Jarraian, denborarik galdu barik, aurtengo omendua izendatu dute. “Omendu guztiak dira bereziak, baina aurtengoa, Zapato Azule antolatzen dugun guztiontzat, bereziena da. Zorionak Nekane Akarregi Amutxastegi, zeu zara aurtengo omendua!”. Hala, Akarregi ezustean harrapatu du omenaldiak, baina irribarrez jaso du Radixukoen aipamena.
Ostean, 11:00etan zabaldu duten Euskal Herriko Kamiseta Azoka eta Artisau Azoka itxi, eta aurtengo kamisetarik eta erakusleihorik onenak izendatu dituzte. Kamiseta Azokan Ondarroako hiru postu eta Euskal Herriko beste hamahiru egon dira, eta Torontilek (Artea) irabazi du Euskal Herriko kamisetarik onenaren saria. Ondarroako kamisetarik onenaren saria, aldiz, Saturrarango Haitzak irabazi du, eta erakusleiho onenarena, Lorak Estherrek.
Txo! Antzerki Kolektiboak omenduari egindako sketchagaz amaitu dute eguerdiko jarduna, baina jai luzea geratzen da oraindik Ondarroan. Arratsaldean mota eta gustu guztietako musika entzuteko aukera egongo da herriko txoko guztietan, eta jaiak ez du etenik izango goizeko ordu txikiak arte.