Hegoak zabal-zabalik ari dira ospatzen Gazte Eguna
Turubiren jaitsiera ostean eztanda egin du Gazte Egunak gaur [abuztuak 13] Ondarroan. Aldarrikatzaile etorri da jaietako pertsonaia. 'Faxistei bideak moztu; lumak zorroztu' izan dute lelo gaurkoan, arrosaz jantzi duten egunean.
Turubigaz batera kalejira egin dute Gaztetxetik Alamedara. Gazte hasi da gaur eguna Ondarroan. Sasoi betean. Ilusio eta emozio puntu bategaz eta batez ere aldarrikatzaile. Turubi kortxeletik jaitsi aurretik, kaleak musikaz girotu dituzte. Kamiseta arrosak soinean, faxistei bideak moztera etorri da gaur Gazte Eguneko marea. Lumak zorroztera etorri da.
Turubik euskararen aldeko mezua zabaldu du kortxeletik Gaztetxerako bidean, gerren kontrakoa Palestinar herria gogoan, Ertzaintzaren oldarraldiei aurre egitera deitu du. Faxistei aurre egitera, askatasunak luzeak ditu eta hegoak. Lumak zorroztu eta kritiko izatera deitu ditu gazteak, aldarrikatzaile izatera. Alkar zaintzera. Herria zaintzera, jaietan garbi jokatuz. Autodefentsara deitu du, gizarte heteropatriarkal eta kapitalistaren aurrean, bollera eta marika izatera. Bakoitza den modukoa azaltzera.
Txaranga lagun, Gaztetxetik Almedarainoko kalejira egin dute, irri, kanta eta dantza. Eta han, herriaren bihotzean, palestinar herriari elkartasuna helarazteko elkarretaratzean bildu dira. Hegoak zabalik. Jolasean aritu dira Alamedan, bazkaltzeko ordura arte. Plazagañe leporaino bete dute bazkal sasoian. Eta arratsaldean, ohikoa den legez, jolasean aritu dira, elkar ezagutuz. Partekatuz.

Palestinari elkartasuna adierazi diote Alamedan bilduta.
Txosnen irekiera egingo dute 18:00etatik aurrera, Kafeatzen lehenengo eta “Kafeko aurrin” ondoren. Eta Kresala kultur elkartearen ekimenez, danborradan elkartuko dira gauean. Zubi Zahar herri ikastolatik Itsasaurre plazarainoko ibilbidean entzun ahalko da danbor hotsen oihartzuna.
Bihar, Elkartasun Egunaren txanda izango da. Andramariak badoaz bidea egiten.