Kukaña ikuskizunak freskatu du Txintxirrika Eguna
Nagusien eguna izan zen atzo eta gaur etxeko txikiekin pentsatutako eguna ari dira ospatzen Ondarroan. Hamalau parte hartzaile aritu dira kukaña txapelketan, eta ikurrina hartzea guztiek merezi izan badute ere, azkenean, Ekain Diezek hartu du.
Txintxirrika Eguna Berotan, eguzkipean ari dira ospatzen Txintxirrika Eguna Ondarroan. Eta zer hoberik beroari aurre egiteko, bainu freskagarri bat baino? Hori pentsatu behar izan dute kukaña txapelketan parte hartzera ausartu diren ume eta gazteek. Hamalau parte hartzaile “ausart” aritu dira kukañan gora eta behera, koipeak lagatzen zien moduan. Koipea ahal zuten modura kentzen.
Hondarra eskuetan eta hanketan, aringa-aringa, patxadaz, geldialdia eginda, denetarik egin dute puntara ailegatzeko parte hartzaileek. Zubi Zahar ingurua bete dutenek adi-adi jarraitu dituzte, begirik kendu barik. Inguruko balkoi eta lehioak ere ikuslez bete dira, eta parte hartzaileren bat edo beste animatzeko pankartarik ere ez da falta izan.
Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarria aurkezleek “piperra eta gatza” jarri diote berez hain berezia den ikuskizunari. 16:10 aldera hasi da txapelketa, eta ordubete pasatxora, bederatzigarren buelta hasi orduko lortu du Diezek ikurrina hartzea. Hartu baino gehiago, saka egin ahal izan dio, eta beragaz batera Artibai errekara eraman. Pozik zegoen irabazlea, herrian gastatzeko 300 euroko txekea jasota, eta pozik zeuden gainerako parte hartzaileak ere.
Eten barik, elkar animatzen egon dira, parte hartzaile ez ezik, lagunak ere badira eta. Diezek bigarren urtea du parte hartzen duena. Iaz lehenean aritu zen lehenengoz.
Kukaña amaituta, Artelan kultur elkartearen eskutik, txokolatea jaso dute nahi izan dutenek Latxanbre enparantzan. Haur ikuskizunagaz eta indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko elkarretaratzeagaz jarraituko du egunak, bihar [abuztuak 13] Gazte Egunari lekukoa igarotzeko.