Gernika-Palestinak elkarretaratzeak deitu ditu urriaren 8rako, Euskal Herriko udaletxeen aurrean
Hiru urte pasatu dira palestinar herriaren kontrako genozidioa hasi zenez geroztik, eta egoerak jasandako bilakabidea salatzeko nahiz gerraren amaiera exijitzeko, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak agerraldia egin du gaur [irailak 10], Donostiako Alderdi Ederren. Azken hiru urteotan “des-humanizazio forma guztiak nagusitzen” ari direla azpimarratu dute, eta hori normalizatzea “ezinezkoa” izan beharko litzatekeela: “Gosea gerra arma modura baliatzen dute, lurraldea erabateko inpunitatez bereganatzen ari dira —Gazaren %60tik gora bortxaz kolonizatu du Israelgo gudarosteak— eta iazko ustezko su etena adostu zenetik ia 1.300 pertsona erail dituzte, horietatik 270 haurrak”.
Zisjordaniako egoeraz ez dira ahaztu gaurkoan: “Larriagotu egin dela ikusten ari gara: aurten, kolonoen 1.200 erasotik gora eman dira, tartean, kanpamenduen suntsiketak, errepresioa eta kolonizazio prozesuaren azkartzea; edozein txinpartak egoera gaiztotu dezake, eta Palestinako lurralde historikoa atzera bueltarik gabeko agertokira eroango luke”. Peace Now erakundeak argitara emandako datuez hornitu dira, azalpenak xehetzeko: “Kolonoek 100.000 dunametik gora (24.710 hektarea) kontrolatu zituzte A eta B eremuetan, eta 55.000 dunan (13.591 hektarea) barne B eremuan. Erakundeak salatu du indarkeria eta mehatxuak erabili direla, palestinarren lurretarako sarbidea mugatzeko eta, kasu batzuetan, familiak presionatzeko, beren etxeak utz ditzaten.

Euskal herritarrei deia.
Egoeraren larritasunaren aurrean, Gernika-Palestinak elkarretaratze herritarrak deitu ditu urriaren 8rako [eguena], 19:00retan: “Euskal Herriko ahalik eta udaletxe gehienen aurrean egingo ditugu, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean. Mahaigaineratzen ari den ordena mundial “berriaren” aurrean, irtenbidea “elkarrizketan, negoziazioan eta konponbide politikoan” datzala azpimarratu dute: “Gerra ezin da izan ezeren irtenbidea. Euskal Herrian gerraren aurka antolatu eta saretu behar gara, hori izan behar da orain geure lehentasuna”.
2027ko urtarrilaren 22an zein 23an euskal eragileen FOROA antolatuko dute, “konpromisoetan sakontzen joateko ariketa kolektiboa”
Urriaren 8ko deiak, alde horretatik, “berebiziko garrantzia” edukiko du: “Aldi berean eta logika mobilizatzaile berberaren bueltan, Gernika-Palestinak bat egingo due Yala Nafarroa con Palestinak urriaren 3rako Iruñean egin duen deialdiarekin”. Bestalde, aurrerantzean informazio gehiago ematen joango baldin badira ere, iragarri dute 2027ko urtarrilaren 22an zein 23an euskal eragileen FOROA izenekoa antolatuko dutela: “Konpromisoetan sakontzen joateko ariketa kolektiboa”.