Herritar guztien neurrira antolatutako Karmen jaiak
Jai Batzordeak markina-xemeindar guztiei egokitutako jaiak antolatu ditu. Txupinazoa, herri bazkaria, Herritxoua, Markina-Xemeingo Grand Slameko finala eta kontzetuak azpimarratu dituzte.
Markina-Xemeingo herritarrak prest daude aurtengo Karmen jaiei hasiera emateko. Jai Batzordeak “adin guztiei egokituta” atondu ditu Markina-Xemeingo jaiak, eta “herritar guzti-guztiek” gozatzeko helburua dute. Uztailaren 14an, gurpil biren gainean ekingo diote jaiari: gazte mailako 28. Bizkaiko Itzuliko bigarren etapa hartuko du Markina-Xemeinek. Mailako txirrindularitzaz gozatu ostean, musikak kaleak hartuko ditu; hain zuzen ere, Alarabiren jaitsiera egingo dute, erraldoiek eta dultzaina jotzaileek girotuta. Jarraian, eguneko une gorena iritsiko da: txupinazoa. Aurten, Artibai Futbol Taldekoena izango da jaietako pregoia botatzeko ohorea.
Gauean, dezibelek Zelaia bereganatuko dute. Aurten, Jai Batzordeak ez du, beste urte batzuetan legez, “izen handiko talderik” ekarriko: “Mafaldak joko du, Añubegaz batera”. Eurekin, herriko musika taldeei “merezi duten plaza” eskaini gura izan diete; aurten Hilbera taldeak joko du, herrikoen aurrean. Uztailaren 15a ere, herritarrek urte osoan zehar “izugarrizko gogoagaz” itxaron ohi duten data da. Txistularien kalejiraren eta Frontoi Txikian egingo dituzten karmenetako esku pilota partiduen ostean, herri bazkaria egingo dute, Zelaian.
Iaz baino 218 lagun gehiago egongo dira herri bazkarian: 2.861 lagun
Jai Batzordeko lantaldeak aurten beste urte batzuetan baino “are gogotsuago” igarri dituzte markina-xemeindarrak. Izan ere, 2.861 herritarrek izena eman dute herri bazkarirako, hau da, iazko jaietan baino 218 lagun gehiagok. “Horrek bistaratzen du egun hori zein ederra eta berezia den Markina-Xemeingo jendearentzat; 5.000 biztanle inguruko udalerri bat dela kontuan izanda, herri bazkarira 2.861 lagun animatzea gauza oso handia dela uste dugu, “oso pozarren gaude jendeak paella jan herrikoiari emandako erantzunagaz”.
Bazkariari dagokionez, hain zuzen, aurreratu dute komun publikoen aldamenean harraska handi bi egongo direla, herritarrek eremua garbi mantendu dezaten. Horiekin batera, edukiontziak nahiz koloreetako zabor ontziak ere eskuragarri egongo dira. Bazkalostean, urtero legez, Herritxouaz gozatzeko aukera egongo da; “hori ere jaietako une gorenetako bat izaten da”.
Uni ere, jaietako epizentro. Zelaiaz eta herriko kale zein txokoez gain, Uni pilotalekuak Markina-Xemeingo Grand Slameko finalak hartuko ditu Karmen Egunean: “Seguru gaude herritarrek harmailak goraino beteko dituztela; Markina-Xemein, zerbait bada, herri pilotazalea da”.
Jai Batzordetik “arduraz jokatzeko deia” luzatu dute
Hilaren 16an, bestalde, Hiru Txirlo txapelketa, eta bertso saioa ere egongo dira. Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Amets arzallus eta Etxahun Lekue igoko dira oholtzara. Hurrengo egunean, besteren artean, kirol egokituaz eta umeentzako jolasez gozatzeko aukera egongo da.
Jai Batzordetik “arduraz joaktzeko deia” luzatu diete herritar guztiei: “Ez da edozelako erasorik onartuko. Jaiak denontzako espazioa dira, eta denok askatasunez eta lasaitasunez gozatzea dugu helburu”.
