Esnatu dinamikagaz bat egin, eta Uemaren mozioa onartu dute eskualdeko udalek eta bi mankomunitateek
Ia udal denek egin dute bat mozioagaz, eta hainbat konpromiso hartu dituzte. Besteren artean, doako euskalduntzea bermatzeko eta haur eta gaztetxoen aisialdia euskaraz programatzeko konpromisoak hartu dituzte.
Lea-Artibaiko udal ordezkariak, Esnatu dinamikaren aurkezpenean. Esnatu dinamikagaz, Uemak martxan jarri ditu Lea-Artibaiko euskaldunak. Gaur gaurkoz Euskal Herriko eskualde arnasgune bakarra Lea-Artibai den arren, ikerketen arabera, 10 urteren buruan ez dago hala jarraituko duen bermerik. Hala, euskaldunak aktibatu eta kontzientziak pizteko asmoz ipini dute martxan Esnatu dinamika; hamaika eragileren babesa lortu dute jada, eta udalek ere bat egin dute egitasmoagaz.
Hain zuzen ere, Uemaren mozioa aurkeztu dute eskualdeko ia herri guztietako udalbatzetan, eta denek ala denek mozioa onartu dute. Amorotoko, Aulestiko, Berriatuako, Etxebarriako, Gizaburuagako, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Mendexako, Munitibarreko, Ondarroako eta Ziortza-Bolibarreko Udalek onartu dute mozioa: “Gure udalerriak arnasguneak dira, eta arnasgune izaten jarrai dezan urrats sendoak egitea da gure helburua”. Era berean, mozioagaz bat egin dute Lea-Artibai Mankomunitateak eta Lea Ibarreko Mankomunazgoak ere.
Mozioa aurkezteagaz batera, hainbat konpromiso hartu dituzte eskualdeko ordezkari guztiek. Hala, aipatutako denek hartu dituzte honako konpromisoak: haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea, erabilera planean onartutako hizkuntza irizpideak betetzea, kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea, etorri berrirei euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak jartzea edo areagotzea, bakoizaren eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea eta eskualde mailako hizkuntza politikak diseinatu eta horiexek gauzatu ahal izateko baliabideak jartzea. Ildo beretik, udal denek doako euskalduntzea bermatzeko konpromisoa ere hartu dute. Lea-Artibai Mankomunitatea, ostera, guraso eta zaintzaileei bideratutako formazioan euskara lehenestera ere konprometitu da.
Markina-Xemeingo Udalak, aipatutako konpromisoez gain, beste hainbat ere gehitu ditu zerrendara. Besteren artean, honako konpromiso hauek hartu dituzte: herriko hizkuntza paisaia osoa uskaraz izan dadin laguntzea, euskaraz ez dakiten merkatari eta ostalariei behar dituzten euskarazko baliabideak ematea, udalaren irudiarekin lotutako guztia euskaraz izatea nahiz herrian euskararen alde egiten diren egitasmoetan parte aktibo izatea.