Esnatu dinamikagaz bat egin dute lan eremuko eragileek
Lea-Artibaiko lan arloko eragileek euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte UEMAk martxan jarritako Esnatu dinamikaren baitan, euskara "zientziaren eta teknologiaren hizkuntza ere badela" erakusteko. Azaroaren 6rako Aulestin batu eta argazki erraldoia ateratzeko deia egin die Lea-Artibaiko Euskararen Sareak euskaltzale guztiei.
Esnatu dinamikaren baitan, lan eremuko eragileek euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte. Euskaraz lan egiteko beharra eta euskaraz harremantzen jarraitzeko hautua aldarrikatu dute eskualdeko lan eremuko eragileek. Kultur eragileen jardunean, eskualdeko udaletan eta ikastetxeetan egin bezala, lan arloan ere euskaldunak aktibatzeko, eta kontzientziak pizteko asmoa izan du UEMAren Esnatu dinamikak. Hala, eskualdeko hamaika lan taldek hartu dituzte euskararen aldeko eta euskaraz aritzeko hautuaren aldeko konpromisoak.
Herri baten nortasunaren oinarrietako bat dira kaleak jendez betetzen dituzten denda, saltoki eta tabernak. Hala, Lekeitioko Kitto markatari eta ostalari elkarteak, Markina-Xemeingo Hemen Be Bai eta Ondarroako Zatozte elkarteek saltoki eta kaleak euskaraz betetzen jarraitzeko alea jarriko dute. Euskaraz lan egiteko konpromisoa hartu dute hirurek, gainera, langileen arteko harreman informalek ere euskara izango dute oinarri. Herritarrekin ere euskaraz harremantzeko hautuagaz jarraituko dute, euren zerbitzuak euskaraz ematen jarraituz. Markina-Xemeinen eta Ondarroan, gainera, orain arte egin bezala, kartelak eta iragarkiak euskaraz idazten jarraituko dute. Administrazio erakundeekin ere, harremanak euskaraz izango dira.
“Kooperatika euskalduna” da Eika, eta enpresak hartu duen ardura azaldu du Iñigo Arrietak: “Eikan argi dugu euskaraz lan egin nahi dugula. Lea-Artibai arnasgunea bada ere, ez du esan nahi beti izango dela, beraz, beharrezko ikusi dugu ekimenagaz bat egitea. Egiten duguna aldarrikatu eta zabalduko dugu”. Azaldu dutenez, hizkuntza politikan jasota dute lan hizkuntza nagusia euskara dela, eta ildo horri jarraituz, arlo sozioekonomikoan ere “euskara sustatzen jarraitzeko konpromiso sendoa” berretsi dute.
Esnatu dinamikagaz batera heldu da Leartiker zentro teknologikoaren I. Euskara Plana. Borja Angulo Leartikerreko kideak azaldu duenez, “eskualdeko eta kanpoko pertsonekin euskaraz lan egiten eta hori sustatzen” saiatzen ari da kooperatiba. Plan horretan zehaztu bezala, euskara lehenetsiko dute eguneroko jardueran, eta kanpotik datozen langileei tokiko hizkuntza eta kultura ezagutzeko aukera eskainiko diete. Enpresa, erakunde eta bezeroei euskaraz artatua izateko aukera bermatuko die, eta “euskara zientziaren eta teknologiaren hizkuntza ere badela” erakusten lagunduko du.
Burdinolak gainera, kultura ondarea eta gizarte kohesiorako tresnatzat du euskara. “Gure komunitatearen berezko hizkuntza” dela argitu dute, horregatik, euskara sustatzeko: hiru urterako plan estrategiko bat garatuko dute, euskararen ezagutza zabaltzeko prestakuntza-ikastaroak antolatuko dituzte eta bileretako, ekitaldietako eta komunikazio digitaleko kodea izango da euskara. “Arnasgunea babesteko” konpromisoa hartu du Kidek. Euskararen erabileran “erreferente” izateko ardura hartu dute, eta hori gauzatzeko plangintza estrategiko bat zehaztu eta martxan jarri dutela argitu dute. Gainera, langile eta ikasle berriei lan ingurune euskaldunean integratzeko harrera-prozesua garatzen ari dira, “Lea-Artibain euskararen erabilera lehenetsita eta sustatuta”.
Maier Kooperatibak euskara “hizkuntza propioa, ondare kulturala eta kohesio sozialerako tresna” dela aitortu du. Elkarteak Esnatu dinamikagaz bat egin eta zenbait konpromiso hartu ditu: langileen euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko ekimenak bultzatuko ditu, Hausnarketa Estrategikoetan euskarak bere atal propioa izango du beti; euskara ikasteko baliabideak bazkideen eskura jarriko ditu; eta IPDKko funtsak banatzeko orduan euskarari lehentasun berezia emango diote.
Lea-Artibaiko herritarrekin dituen harremanak euskaraz garatzea du helburu Cikautxok. Lan eremuan euskaraz bizitzeko nahia azpimarratu dute, eta lantaldearen hizkuntza-gaitasuna indartuz eta eguneroko hizkuntza-ohituretan eraginez, euskara “enpresako hizkuntza nagusi bilakatzeko urrats zehatzak” ematen ari direla azaldu dute.
Leartibai Fundazioko Yanoba Mariezkurrenak eskuadearen arnasgune izaera gogorarazi du, eta euren eginbeharra mahaigaineratu du: “Egunerokotasunean euskara erabiltzen dugu, eta gure babesa erakutsi nahi dugu gure aletxoa jarriz. Bat egin dugu ekimenarekin, eta gure bultzada emateko prest gaude”. Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Lea-Artibaiko Landagarapen Alkarteak ere bat egin dute akordioagaz. Eguneroko jardunean euskara lehenetsiko dutela eta gainerako erakundeekin euskaraz arituko direla argitu dute. Landagarapen Alkarteak, gainera, eskaintzen dituzten zerbitzuak, ekimenak eta eskaintzen dituzten ikus-entzunezkoak euskaraz izango direla azaldu du.
Aulesti, topeagune erraldoi. Azaroaren 6an Aulestin batuko dira Lea-Artibaiko euskaltzaleak. Lea-Artibaiko Euskararen Sareak eragile eta norbanakoei argazki erraldoi bat ateratzeko deia egin die, eta esker ona erakusteko, egitarau ezin hobea antolatu dute “elkarrekin gozatu, ospatu eta euskararen aldeko indarrak batzeko”. 19:00etan Nerea Ibarzabal Salegi eta Unai Iturriaga Zugaza-Artaza ariko dira bertsotan balkoirik balkoi. Ostean, euskararen aldeko hitza hartuko dute Martin Aramendi Arana UEMAko lehendakariak, Iratu Urberuaga Aranguena Aulestiko alkatea eta UEMAko zuzendaritza taldeko kideak eta Joseba Goienola Bilbao Lea-Artibaiko Euskararen sareko kidea eta Berriatuko alkateak. Amaitzeko, euskararen aldeko indarrak irudi baten batuko dituen argazkia aterako dute.