Begirada atzera botata ospatu dute Kuadrilla Eguna
Galdutako lanbidez bete ziren atzo [abuztuak 16] Ondarroako kaleak, nostalgiaz, kritikaz... Agustin Arrizabalagak irabazi du Itsasaurre usain goxoz bete duen marmitako lehiaketa. Gaur gaueko [abuztuak 17] Leokadiren eta Kortxeleko Mamuen kalejira 23:00etan hasiko da, Kofradia Zaharretik.
Itsasoari lotutako lanbideak irudikatu dituzte kuadrilla batzuek. Kuadrillek ondo baino hobeto pasa dute euren eguna. Egun berezia da askorentzat, egunero ondoan dituzten lagunekin elkartzeko eguna batzuentzat. Aspaldi ikusi ez dutenekin batzekoa beste hainbat eta hainbatentzat. Kaleak eurenak egin zituzten goizean goizetik.
Galdutako lanbideak izan dute kuadrillek aurtengo gaia. Hala, begirada atzera botata ospatu dute eguna, nostalgiko, kritiko… atzera begira, baina beti-betikoari lotuta. Usadioari jarraituta, gastronomiari lotutako lehiaketekin hasi zen eguna, ‘Kafeko aurrin’ eta Itsasaurren. Arranondo kultur elkartearen marmitako lehiaketak jende asko erakartzen du karpara urterik urte, eta atzo ere horrela izan zen. Azkenean, Agustin Arrizabalagak irabazi zuen lehiaketa. Berarentzat izan zen lehenengo saria; pozarren jaso eta ospatu zuen. Nagore Basterra, Ugutz Beitia, Joseha Urrutia eta Roman Arantzamendi izan ziren ondorengo sailkatuak.
Kafeatzean batu ziren kuadrillak bazkaltzeko, Plazagañin… Eta arratsaldetik ordu txikietara arte, herrri kirol, bits jai, erromeria, diskofesta, play back eta kontzertuen inguruan elkartu ziren. Frontoia, Alde Zaharra, kiroldegia, Kafeatze pasealekua, Itsasaurre plaza […] bete zuten herrikoek eta inguruko herrietatik etorritakoek.