Itsaso bete jende erakarri du Arrantzale Egunak
Herritarrentzat hain berezia den 'Atako bandan' dantzatu du Kresala kultur elkarteak herriko hiru gunetan, emozioei leku eginez. Leokadi eta mamuak 23:00etan aterako dira kalejiran Alde Zaharretik, iragarritakoa baino hogei minutu lehenago.
Atako Bandan, Kresala kultur elkartearen eskutik Arrantzale Egunak badauka zer edo zer berezia, badauka sustraietara garamatzan zer edo zer, badauka herriaren izaeratik, izatetik, nortasunetik. Badauka kresaletik. Itsasoari begira, itsaso zabalari adi-adi, mahoiz jantzi da udalerria gaur [abuztuak 17] goizean goizetik.
Txisularien kalejirak eman dio egunero legez ongietorria egunari, eta eguerdia orduko, Alde Zaharra jendez bete da. Gaurkoan jaietako hitzordurik berezienetako bat ikusteko bildu dira herritarrak. Artelango erraldoiak dantzan aritu dira txiki eta nagusien gozamenerako, eta Danak Etxea! lelopean egin den manifestazioa ailegatu orduko, Kresala kultur elkarteko dantzariek hartu dute kale erdia. Agintariena lehenengo eta herritarrentzako hain kuttuna den Atako Bandan dantzatu dituzte gero, emozioei, oroitzapenei leku eginez. Itsasaurrerako bidea hartu dute dantzariek ondoren, txalo artean.
Arratsaldeak eta gauak askotariko jarduerak ekarriko ditu, tartean ur ertzean eta uretan bertan egingo diren ekimenak. 18:30ean oihal eta trapezio ikuskizunak hartuko du Zubi Zaharra, eta marea kontuak tarteko, 19:30ean hasiko da nagusien kukaña. Umeenean modura, 300 euroko saria jasoko du irabazleak.

Kresala kultur elkarteko txistulari eta dantzariak, Alamedan.
Kortxeleko mamuak, goizago
Kortxeleko mamuak ikusterik ez zen egon abuztuaren 14an, ekaitza tarteko, eta penatuta geratu zen bat baino gehiago. Baina gaur, agindu modura, herritik ibiliko dira Leokadi eta gainerako mamuak, musika lagun, hankak eta gonak astintzen, hasiera batean iragarri baino lehenago, gainera. 23:20an beharrean, 23:00etan aterako dira kalejiran Zubi Zaharretik.
Ordu txikietara arte jarraituko du jaiak, Alamedan, Itsasaurre plazan eta Kafeatzean.