Euskararen alde, esnatu da Lea-Artibai
Maiatzean abiarazi zuen UEMAk Esnatu dinamika Lea-Artibain, eta ordutik hamaika izan dira ekimenagaz bat egin duten eskualdeko eragileak. Atzo [azaroak 6] amaiera ekitaldia egin zuten Aulestin, eta plaza bete jende elkartu zen euskararen alde. Hilabete hauetan eskualdean egindako lana goraipatzeaz gain, lanean jarraitzeko deia luzatu zuten bertan. Era berean, hizkuntza politiken eta lege babesa artikulatzeko beharra zegoela nabarmendu zuten.
Argazki erraldoia atera zuten eskualdeko euskaltzaleek. “Lehen be herriak egindakoaz/ egin izan da aurrera” abestu zuen atzo Unai Iturriagak Aulestin, eta hori hala dela berretsi zuten Lea-Artibaiko euskaltzaleek. Izan ere, euskararen alde esnatzeko deia ozen entzun zen atzo [azaroak 6] eskualdean. Aulesti izan zen Lea-Artibaiko eragile eta norbanakoen elkargune, eta Lea-Artibaiko Euskararen Sareak eta UEMAk deituta, Aulestiko plaza bete zuten euskaltzalez. Esnatu dinamikarekin bat egin, eta euskararen egoerari buelta emateko konpromisoa berretsi zuten, Lea-Artibaik euskararen arnasgune izaten jarrai dezan.
Euskal Herrian Euskaraz abestuaz batera hasi zuten ekitaldia, eta argazki erraldoi batekin, amaitu. Tartean, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariak izan ziren mikroak hartzen lehenak. Balkoitik balkoirako saioa egin zuten, eta plaza bete jendegaz, ederki erantzun zieten jarri zizkieten lanak. Besteren artean, Lea-Artibain euskaraz bizi ahal izateari egin zioten erreferentzia, baina kontzientziak pizteko beharra nabarmendu zuten. Hala abestu zuen Ibarzabalek hasierako bertsoetako batean: “Ta hemen badago eskualde bat/ herri batean batuta/ euskaraz bizi ta hazi dana/ oso normalizatuta/ ta berez berez dalakoan guk/ eduki geinke ahaztuta/ arnasa ere desberdin dela/ kontzientziaz hartuta”. Iturriagak jarraian, Ibarzabalen ideia osatu zuen: “Eta arnasak kontzientzia/ ahal badau arrazoiz blaitu,/ transmisioa ondo zaindu ta/ ez eten ta ez amaitu”.
Bi bertsolarien hausnarketak entzun ostean, hitza hartu zuten UEMAko lehendakari eta Ataungo alkate Martin Aramendi, UEMAko zuzendaritza batzordeko kide eta Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasa eta Lea-Artibaiko Euskararen Sareko kide eta Berriatuko alkate Joseba Goienolak.
Denak ados agertu ziren Lea-Artibaik euskararen alde batu dituen indarragaz. Aramendik “pozik eta harro” daudela azaldu zuen: “Esnatzeko deia egin dugu, eta hau da jaso dugun erantzuna; benetan ederra. Hemen gaude, ez dugu arnasgunerik gabe geratu nahi eta egoerari buelta emateko gogoz eta prest gaude”. UEMAko lehendakariaren arabera, Lea-Artibain erakutsitako babesak agerian uzten du eskualdeak euskararen alde duen konpromisoa.
Aramendik esandakoari jarraituz, Lasak ere eskualdearen indarra azpimarratu zuen. Lea-Artibai bezalako eskualdeek Euskal Herriaren luze-zabalean duen garrantziaz hitz egin zuen: “355.000 biztanleko lurgunea biltzen du UEMAk, eta lurgune horretan UEMArentzat Lea-Artibai bezalako eskualdeak estrategikoak dira. Eskualde euskalduna da Lea-artibai, eta gurea bezalako eskualdeek egundoko eragina dute Euskal Herri osoan. Ezin dugu beraz gurea ahultzen utzi. Lea-Artibaik hauspoa ematen dio euskarari, eta euskarak egiten du Lea-Artibai”.
UEMAren deiaren aurrean jasotako erantzunagaz “oso pozik eta harro” daudela berretsi zuen Lasak, eta eskualdeko udalek, herriek, mankomunitateek eta hamaika eragilek konpromisoak hartu eta indarrak batu dituztela gogorarazi zuen. Hala, nabarmendu zuen Aulestiko plaza beteta ikusteak esnatzeko beharra eta gogoa badirela erakusten duela.
Martin Aramendi: “Honek guztiak eragina eduki behar du hizkuntza politiketan, eta ezinbestean lege babesa artikulatu behar da dagokien erakundeetan”.
Lea-Artibaiko Euskararen Sarearen urtebeteko ibilbidearen emaitza izan zen, Goienolaren esanetan, atzoko ekitaldia. Duela urtebete sortu zuten sarea UEMAk egindako proposamen bati jarraituta, eta ordutik eskualde mailan euskararen alde eragiteko lanean jardun dute. Eskualdeko eragileen atxikimendua datuetara ekarriz, Esnatu ekimenera “100 eragiletik gora” batu direla adierazi zuen, tartean, udal, elkarte nahiz lan eremuko, hezkuntzako eta euskalgintzako eragileak: “Guzti horren atzean jende asko dago, bakoitza bere eremutik eta bere konpromisoekin, elkarrekin batuz eta aldarrikatuz, eta duda barik hori da bidea”.
Goienolak nabarmendu zuen Aulestiko plaza betetzeko erronka jarri ziotela euren buruari, eta bete egin dutela: “Aulestiko plaza betetzeko erronka ipini genion gure buruari, eta bai lortu ere. Eta zipriztindu dugu euskaldunez, euskaltzalez eta euskaraz. Aurrera begira ere, ez daukagu edozelako erronka: besterik egin ezean, 10 urte barru euskararen arnasgune barik geratu gaitezkeen aurreikuspenei buelta ematea”.
“Esnatu ala hil”
Hiru ordezkariek nabarmendu zuten atzokoa ez zela helmuga izan, eta bidea hasi baino ez dela egin. Esnatu dinamika euskararen egoerari buelta emateko arduratik sortu zuten, izan ere, ikerketen arabera, gaur egungo joerak jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo du. Apirilean aurkeztu zuten ekimena Euskal Herri osoko hamazortzi eragileren babesarekin, eta eragileetako bakoitzak egoera iraultzeko konpromisoak hartu zituzten. Hala izan da Lea-Artibain ere, baina aurrera egiteko eragileen konpromisoez gain, erakundeek ere dagozkien neurriak hartu behar dituztela azpimarratu zuten.
Aramendik adierazi zuen erakundeek erantzunkizuna hartu behar dutela, eta euskarari dagokion lekua emango dioten hizkuntza politika berriak behar direla. Horri lotuta, lege babesa artikulatzeko beharra ere nabarmendu zuen: “Honek guztiak eragina eduki behar du hizkuntza politiketan, eta ezinbestean lege babesa artikulatu behar da dagokien erakundeetan. Guk guztiok egin dugu esnatzeko deia, eta euskarari dagokion lekua emango dioten hizkuntza politika berriak behar ditugu, lege aldaketekin batera”.

Plaza bete jende elkartu zen atzo [azaroak 6] Aulestin.
Ildo beretik, Lasak ere erakunde publikoei dagokien ardura hartzeko eskatu zien: “Erakunde publikoei ere eskatu egin behar diegu dagokien ardurak hartzeko, eta euskararen normalizazioan errealitate bihurtzeko behar diren neurri eta bitartekoak jartzeko behingoz”. Haren esanetan, atzoko ekitaldia ez zen izan “kanpaina baten amaiera edo ekitaldi solte bat”, baizik eta “behar den lekura mezu argiak bidaltzeko argazki eder bat”.
Aurrera begira “erronka handia” dutela azaldu zuten: datozen hamar urteetan euskararen arnasgune barik geratzeko aurreikuspenei buelta ematea, hain zuzen ere. Hala, “Lea-Artibai esnatu, eta euskararen arnasgune izaten jarraitzeko” elkarrekin bideari ekiteko deia zabaldu zuten. 2036an ere Lea-Artibai euskararen arnasgune izatea jarri zuen helburutzat Goienolak, eta euskaraz “amesten, kantatzen eta batez ere, berbetan” jarraitzeko deia egin zuen.
Aramendik, ostera, aditu eta hizkuntzalariek “esnatu ala hil” esan zietela gogorarazi zuen, eta horren aurrean erabakia jada hartuta dutela adierazi zuen irmoki: “Guk esnatzea erabaki dugu, eta ahaleginak eta bi egingo ditugu euskarak merezi duen lekua berreskura dezan. Eskerrik asko bidelagun izateagatik eta eskerrik asko euskararen lurguneari Lea-Artibaitik arnasa emateagatik. Segi lanean, bikain ari zarete eta”.